
Emakumeak isilduak, ezkutatuak, gutxietsiak izan dira historian zehar. Historia horrek, eszeptiko askok uste ez duten arren, eragin handia du gugan, alde batetik, askotan ez delako historiaren benetako irakurketa kritiko bat egiten gaur egun ere, eta bestetik, historian nagusi izan diren zenbait balio gaur egun ere transmititzen direlako, era horretan jendartean gerta litezkeen benetako eta sakoneko aldaketa sozialak, sustraietatik abiatuz egiten diren aldaketak ekidinez.
Historian zehar hainbatetan errepikatu eta gaur egunean ere indarrean dauden balio horien artean aurkitzen dira sexismoa, androzentrismoa, matxismoa... Hauek etengabean errepikatzen dira hezkuntzan
Testuliburuen irudietan, esate baterako, gizonak azaltzen dira gehienetan, emakumeak askozaz ere proportzio baxuagoan azaltzen direlarik, honi esaten zaio androzentrismoa. Testuetan edo edukietan: gizonek egindako ekarpenak, gizonek idatzitakoak, esandakoak, egindakoak, asmatutakoak, kantatutakoak... eta orokorrean historikoki gizonei lotu zaizkien jarduerak azaltzen dira nagusiki, eta gertaera honen zergatia aztertu beharrean, normaltzat hartu eta ez da historiaren benetako irakurketa kritikoa burutzen. Bai irudi bai testuetan: gizon eta emakumeak rol tradizional mugatzaileetan azaltzen dira, sexismo eta matxismoa sustatuz.
Beste alde batetik, irakasleek hezkuntza sexista jaso dute gehienetan, kultura sexista baten barnean daudelako, eta kultura honen irakurketa kritikoa egin ezean, beren uste, ohitura, aurreiritzi, pensamendu, sentimendu, jarrera, jokabideak kritikoki aztertu ezean, balio berberak transmitituko dituzte. Eta esfortzuak esfortzu, esan daiteke, gehienek ez dutela azterketa sakon bat egiteko aukerarik izan, eta beraz, balio sexista eta matxistak transmititzen dituztela nahita edo nahi gabe.
Emakumeen arrastoaren bila webquestean, emakumeek historian zehar egin dituzten hainbat ekarpen izkututik atera eta ezagutarazten saiatzen da. Zer dakizu zuk emakume hauetaz? Zehozer jakin nahi? Sartu eta ekin, emakumeen arrasto emankorraren bila!Era berean bultzatu haurrak emakumeen ekarpen hauetaz interesatzera, ez da egia, testuliburu askok horrela aditzera ematen duten arren, gizonek asmatu dituztela gauza gehienak!

No hay comentarios:
Publicar un comentario